Aldatzearen kostuak
Eredu honen bitartez, enpresek bezeroen hornitzailea, produktua edo zerbitzua aldatzeko aukera baldintzatzen duten produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte. Enpresak aldaketaren kostu horiek sortzen ditu mekanismo teknologikoen bidez edo interakzio handiko produktu eta zerbitzu paketeak eskainiz. Estrategia komun bat da produktu nagusia prezio baxuan edo baita doan ere eskaintzea, eta horren inguruko erabili eta botatzeko produktuak marjina handiekin saltzea. Hasierako produktuaren prezioak bezeroek erosteko dituzten oztopoak murrizten ditu, eta ondorengo salmenta errepikariek, berriz, modu gurutzatuan finantzatzen dute. Produktu horiek teknologikoki lotuta egon ohi dira elkarren artean, efektu hori are gehiago indartzeko. Beste hornitzaile bat erabiltzea ezinezkoa da funtsezko aldaketa kostuetan sartu gabe, eta horrek bezeroak galtzetik babesten du enpresa.
Erreferentzia: (Gassmann, O., Frankenberger, K., Choudury, 2020)
Adibideak
Zucchetti ERP sistemak garatzen dituen enpresa da, bere bezero diren enpresen beharren araberako kudeaketa-softwarea inplementatzen duena. Sistemak negozio-prozesuak administratzeko kontrol-plataforma bat dira, pertsonalizazio handia eskatzen dute, eta egitura modularretan oinarritzen dira mota guztietako enpresen (txikiak, ertainak eta handiak) eta sektoreetako (elikagaiak, zerbitzu diskretuak, etab.) premiei erantzuten saiatzeko. Aldaketa-kostuek (softwarearen kostua, hardwarea, aholkularitza, prestakuntza, lizentziak, datu-migrazioa, egokitzapenak, aldaketak eskakizunen formulazioan, modulu berriak zabaltzea, garapen berriak, aurreikusi gabeko migrazioak, datuak sartzea, bilerak, prozedura berriak, negozio-arau berriak egokitzea edo hartzea, etab.) bezeroek beste enpresa batera aldatzeko aukera murrizten dute.
Arrakasta faktoreak
- Produktu eta zerbitzuen modularitatea
- Konponbideen eskalagarritasuna
- Prezio-politika
- Bezeroen beharretara egokitzeko gaitasuna
- Produktu eta zerbitzuen arteko interdependentzia handia
Erronkak
- Negozio-eredu berriak dituzten lehiakide berriak
- Prezioen lehia
- Teknologia eta estandar berriak
Erlazionatutako patroiak
Pertsonalizazioa
Eredu honen bitartez, produktu, ingeniaritza edo zerbitzuko irtenbide pertsonalizatuak eskaintzen dituzten enpresek bezeroen behar eta aurreikuspenei erantzuten diete, beren prozesuak eta jarduerak egokituz (diseinua, fabrikazioa, zerbitzuak egitea, etab.). Enpresak gai dira beren eskaintza eta prozesuak egokitzeko bezeroen eskakizunei erantzuteko, arin eta modu lehiakorrean erantzunez, bezeroarekin zuzenean hitz eginez eta haren baldintzak ulertuz eta betez.
Berrikuntzara bideratuta
Eredu honen bitartez, enpresek produktuak, osagaiak eta zerbitzuak garatzen dituzte, beste eragile batzuekin lankidetzan landutako I+G jardueran oinarrituta (berrikuntza irekia), eta, horrela, irtenbide berritzaileak garatzen dituzte, merkatuaren lehian bereizteko, eta lehiakideen estrategia teknologikoei ere erantzuteko.
Irtenbide integralak
Eredu honen bitartez, enpresek bezeroaren premia bati erantzuten dioten produktu, osagai, teknologia eta zerbitzuetan oinarritutako konponbide integralak hornitzen dituzte, eta horiek balio proposamen bateratu baten bidez integratzeak sinergia eta onura handiak sortzen dizkio bezeroari.
Integratzailea
Eredu honen bitartez, enpresek balio kateko jarduera gehienak kudeatzen dituzte. Horrenbestez, balioa sortzeko prozesuan behar diren baliabideak eta gaitasunak kontrolatzen dituzte, intsumoen hornikuntzatik hasi eta bizitza erabilgarriaren amaieran produktua berreskuratzeraino.
Fokalizatuak
Eredu honen bitartez, enpresek balio katearen oinarrizko konpetentziei erreparatzen diete. Balio kateko gainerako segmentuak azpikontratatu eta aktiboki koordinatzen dira. Horrek aukera ematen dio enpresari kostuak murrizteko eta hornitzaileen eskalako ekonomiei etekina ateratzeko. Gainera, oinarrizko konpetentziak kontzentratzeak errendimendua areagotu dezake.
Lizentziak
Eredu honen bitartez, enpresek jabetza industrial eta intelektualeko mekanismoen bidez babes daitekeen ezagutza garatzea bilatzen dute, beste enpresa batzuen lizentzien bidez ustiatzeko. Ereduak ez du bilatzen enpresaren ezagutza sortzea eta ustiatzea produktu propioak garatzeko, baizik eta diru iturri berriak sortzea bere know-howa salduz.