Emaitzagatik ordaintzea
Eredu honen bitartez, enpresek produktu baten prezioa zehazten dute bezeroei eskaintzen dizkien errendimenduan edo funtzionaltasunetan oinarrituta. Eskainitako produktuak enpresaren jabetzakoa izaten jarraitzen du, eta irabaziak lortzen ditu diru sarrera aldakorren bidez, produktuaren erabileraren edo produktuarekin lortutako emaitza operatibo eta finantzarioen arabera kobratzen baitu. Monetizatzeko eredu horrek bezeroen lehentasunak betetzera eramaten du enpresa, izan ere, bezeroek zenbat eta emaitza hobeak lortu, orduan eta gehiago ordainduko dio enpresari. Horrenbestez, enpresak epe luzerako harremanak ezartzen ditu, eta bezeroen balioa sortzeko prozesuan integratzen da. Eredu hau erabiltzen duten enpresek gaitasun eta ezagutza espezializatuak dituzte, eta eskalako ekonomiak baliatzen dituzte produktuak ekoizteko eta mantentzeko kostuak murrizteko.
Erreferentzia: (Gassmann, O., Frankenberger, K., Choudury, 2020)(Pieroni et al., 2020a)
Adibideak
Philips enpresa liderra da munduan argiztapenean, eta argiztapena eskaintzen du eraikinetarako zerbitzu gisa (adibidez, Amsterdameko aireportua, Schiphol). Bezeroek erabiltzen duten argia ordaintzen dute, eta Philipsek, berriz, aparatu eta instalazio guztien jabe izaten jarraitzen du, eta bere gain hartzen du argiztapen sistemaren errendimenduaren eta iraunkortasunaren erantzukizun osoa, baita bizitza erabilgarriaren amaieran hura berrerabiltzeko eta birziklatzeko ardura ere. Ereduak elektrizitatearen erabileraren optimizazioa eta efizientzia ahalbidetzen ditu, kontsumoa %50era arte murrizten baita.
Xerox multinazionalak inprimatze zerbitzuak eskaintzen ditu, kopia bakoitzeko ordaintzeko eredu baten arabera. Halaber, datuen kudeaketa elektronikorako zerbitzu bat eskaintzen du (digitalizazioa), bezeroek paperezko kopien kopurua murrizteko, baita gamifikazio tresna bat ere, erabiltzaileen kontzientziazioa eta inprimatzeko portaera hobetzeko. Bi zerbitzuak uztartuta, Xeroxek orekatu ahal izango du paperezko kopien murrizketari lotutako diru sarreren murrizketa, datuak elektronikoki kudeatzeko zerbitzuarekin diru sarrerak gehituta.
Erronkak
- Balio-katea behar bezala antolatu eta integratzea
- Prezioen ezarpena
- Logistika-prozesuak antolatzea,
- Diru-sarreren hegazkortasuna absorbitzeko gaitasuna
Erlazionatutako patroiak
Pertsonalizazioa
Eredu honen bitartez, produktu, ingeniaritza edo zerbitzuko irtenbide pertsonalizatuak eskaintzen dituzten enpresek bezeroen behar eta aurreikuspenei erantzuten diete, beren prozesuak eta jarduerak egokituz (diseinua, fabrikazioa, zerbitzuak egitea, etab.). Enpresak gai dira beren eskaintza eta prozesuak egokitzeko bezeroen eskakizunei erantzuteko, arin eta modu lehiakorrean erantzunez, bezeroarekin zuzenean hitz eginez eta haren baldintzak ulertuz eta betez.
Berrikuntzara bideratuta
Eredu honen bitartez, enpresek produktuak, osagaiak eta zerbitzuak garatzen dituzte, beste eragile batzuekin lankidetzan landutako I+G jardueran oinarrituta (berrikuntza irekia), eta, horrela, irtenbide berritzaileak garatzen dituzte, merkatuaren lehian bereizteko, eta lehiakideen estrategia teknologikoei ere erantzuteko.
Irtenbide integralak
Eredu honen bitartez, enpresek bezeroaren premia bati erantzuten dioten produktu, osagai, teknologia eta zerbitzuetan oinarritutako konponbide integralak hornitzen dituzte, eta horiek balio proposamen bateratu baten bidez integratzeak sinergia eta onura handiak sortzen dizkio bezeroari.
Intentsiboak ezagutzan
Eredu honen bitartez, enpresek beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak dituzte hainbat jarduera egiteko, esaterako, ezagutza teknologikoa sortzea, eta baita hori ustiatzea ere (dagoeneko badauden enpresen aldetik zein enpresa ekimen berriak sortuz).
Integratzailea
Eredu honen bitartez, enpresek balio kateko jarduera gehienak kudeatzen dituzte. Horrenbestez, balioa sortzeko prozesuan behar diren baliabideak eta gaitasunak kontrolatzen dituzte, intsumoen hornikuntzatik hasi eta bizitza erabilgarriaren amaieran produktua berreskuratzeraino.
Fokalizatuak
Eredu honen bitartez, enpresek balio katearen oinarrizko konpetentziei erreparatzen diete. Balio kateko gainerako segmentuak azpikontratatu eta aktiboki koordinatzen dira. Horrek aukera ematen dio enpresari kostuak murrizteko eta hornitzaileen eskalako ekonomiei etekina ateratzeko. Gainera, oinarrizko konpetentziak kontzentratzeak errendimendua areagotu dezake.