Birsalmenta
Eredu honen bitartez, enpresek erabilitako produktuak, ekipamenduak edo instalazioak birsaltzen dituzte, askotan bigarren eskuko produktuen plataforma edo marketplace baten bidez. Fabrikatzaile batek bere birsalmenta zerbitzua jar dezake martxan, bigarren eskuko gaiak linean zein denda fisikoetan eskainiz. Enpresa erabilitako produktuak berreskuratzeaz arduratzen da, eta, merkatuko balioa ebaluatu ondoren, berriro banatzen ditu, hobekuntza edo aldaketa txiki batzuk egin ondoren, beharrezkoa izanez gero. Bezeroek bigarren eskuko kalitatezko produktuak eskura ditzakete merkeago. Enpresak bere aktiboak optimizatzen ditu eta kostu operatiboak aurrezten ditu. Eredu hau consumer-to-consumer bertsio batean ere eman daiteke, non enpresa bitartekari bat arduratzen baita kontsumitzaile jakin batzuek bigarren eskuko produktuak bildu, hautatu eta linean saltzeaz. Bezeroek kalitatezko bigarren eskuko produktuak eskura ditzakete, eta horiek saltzen dituen pertsonak eta zerbitzua ematen duen enpresak, berriz, irabazien zati bat eskuratzen dute bakoitzak. Enpresa horiek merkatu berriak sortzen dituzte, lehen merkatuko eragileen artean ezinezkoak ziren harremanak ezartzen baitituzte.
Erreferentzia: (Lüdeke-Freund et al., 2019; Pieroni et al., 2020a)
Adibideak
Emaus Gizarte Fundazioa (Donostiab)EMMAÜS INTERNATIONAL mugimenduko erakunde sozial, laiko eta irabazi-asmorik gabea da. Ekonomia sozial eta solidarioaren arloan, enpresa sare bat dute (EkoCenter), objektuak berreskuratu eta berrerabiltzeko. Ekocenterrek bigarren eskuko produktuak saltzeko erakustoki gisa funtzionatzen dute, hondakinen eta CO2 igorpenen sorrera murrizteko eta enplegu solidarioa sortzeko. Espazio horiek baliabide gutxiko pertsonei zuzenduta daude batez ere, bestela erosi ezingo lituzketen produktuak eskura ditzaten. Hala ere, asmoa da baita ere kontzientzia sortzea eta hondakinen bilketa, kontsumoaren murrizketa eta ekonomia zirkularra sustatzea.
Arrakasta faktoreak
- Erabilitako produktuak biltzea eta tratatzea
- Produktuak birsaltzeko plataforma kudeatzea
Erronkak
- Marketina
- Produktuen benetakotasuna bermatzea
- Balio-katea behar bezala antolatu eta integratzea
- Prezioen ezarpena
- Logistika-prozesuak antolatzea
- Diru-sarreren hegazkortasuna
- Absorbitzeko gaitasuna
- Legedia
Erlazionatutako patroiak
Banaketa
Eredu honen bitartez, enpresek produktuak eta zerbitzuak hornitzen dizkiete bezeroei salmenta eta banaketa puntu desberdinen bidez, bai enpresak berak kudeatuta, bai hirugarrenen bidez (eragileak, frankiziak, etab.). Kasu batzuetan, enpresak fisikoki eramaten du bere balio proposamena bezeroek ezarritako ingurunera. Geografikoki banatutako puntu horiei esker, enpresak bezeroekin interakzioan aritu daitezke erosketa prozesuaren etapa guztietan (aholkularitza, salmenta, finantzaketa, salmenta ondokoa, etab.)
Integratzailea
Eredu honen bitartez, enpresek balio kateko jarduera gehienak kudeatzen dituzte. Horrenbestez, balioa sortzeko prozesuan behar diren baliabideak eta gaitasunak kontrolatzen dituzte, intsumoen hornikuntzatik hasi eta bizitza erabilgarriaren amaieran produktua berreskuratzeraino.
Fokalizatuak
Eredu honen bitartez, enpresek balio katearen oinarrizko konpetentziei erreparatzen diete. Balio kateko gainerako segmentuak azpikontratatu eta aktiboki koordinatzen dira. Horrek aukera ematen dio enpresari kostuak murrizteko eta hornitzaileen eskalako ekonomiei etekina ateratzeko. Gainera, oinarrizko konpetentziak kontzentratzeak errendimendua areagotu dezake.
Salmenta gurutzatua
Eredu honen bitartez, enpresek beren eskaintza nagusia osatzen dute zerbitzu edo produktu gehigarriekin, eta bezeroek nahi zituzten produktuak edo zerbitzuak erosten dituzte, baina baita produktu edo zerbitzu osagarriak ere, eta esperientzia hobe batez gozatzen dute eta balio erantsi handiagoko irtenbide bat lortzen dute.
Aldatzearen kostuak
Eredu honen bitartez, enpresek bezeroen hornitzailea, produktua edo zerbitzua aldatzeko aukera baldintzatzen duten produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte. Enpresak aldaketaren kostu horiek sortzen ditu mekanismo teknologikoen bidez edo interakzio handiko produktu eta zerbitzu paketeak eskainiz. Estrategia komun bat da produktu nagusia prezio baxuan edo baita doan ere eskaintzea, eta horren inguruko erabili eta botatzeko produktuak marjina handiekin saltzea.
Esperientzien salmenta
Eredu honen bitartez, enpresek proposamen bat garatzen dute, baina proposamen horren balioa ez datza produktu edo zerbitzu batean, baizik eta bezeroei eskaintzen zaien esperientzian. Enpresak arreta handiz diseinatutako inguruneak sortzen ditu bezeroak erakartzeko.