Arketipoak
Hemen aurkituko duzu Gipuzkoan identifikatu ditugun negozio-eredu esanguratsuen 28 arketipoen deskribapena. Horietako bakoitzean sakondu dezakezu, aukeratuta. Arketipoaren, negozio ereduaren dimentsioen, lehiakortasun gakoen eta lotutako erronken deskribapen laburra aurkituko duzu. Arketipo horren pean lan egiten duen benetako enpresaren adibide bat ere ikusi ahal izango duzu. Gainera, arketipo bakoitzarekin zer beste negozio eredu dauden azter dezakezu.
Hainbat iragazki erabil ditzakezu zure bilaketa sektorearen edo ardatz estrategikoaren arabera mugatzeko (lehiakorrak zure sektorean, erresilientzia, industria adimenduna, digitalizazioa, zerbitizazioa eta ekonomia zirkularra).
Bigarren bizitza (berregokitzea eta birmanufaktura)
Eredu honen bitartez, enpresek bizitza berri bat eman nahi diete erabiltzen ez diren edo baztertuta dauden osagaiei edo produktuei, berregokitze/retrofitaren edo birmanufakturaren bidez. Berregokitzapenak eta retrofitak garbiketa, konponketa, berriz pintatzea eta desmuntatze partziala dakarte, osagaiari/produktuari funtzionamendu egokia emateko, fabrikatzailearen jatorrizko espezifikazioena baino maila baxuagokoa izan daitekeen arren. Birmanufakturaren helburua, ordea, produktuaren fabrikatzailearen jatorrizko errendimendu eta kalitate espezifikazioak itzultzea edo are gainditzea da.
Produktuaren bizitza erabilgarria luzatzea
Eredu honen bitartez, enpresek balio proposamenak eskaintzen dituzte produktuen bizitza erabilgarria luzatzeko, bai mantentze eta konponketa zerbitzuen bidez, bai produktuen eguneratze/retrofitaren bidez. Enpresak diru sarrerak sortzen ditu produktuaren bizitzan zehar eta behin eta berriz eskainitako laguntza zerbitzuetatik abiatuta.
Ekonomia kolaboratiboa
Eredu honen bitartez, enpresek akordioak lantzen dituzte hainbat eragileren artean (enpresak, erakunde publikoak edo pribatuak, banakako pertsonak, etab.), zeinek baliabide propio bat jartzen baitute funts komun baterako (aktiboak, ondasunak, eskulana, sorkuntzako adierazpena, etab.), beste eragileek ere etekina atera ahal izateko. Produktuak, aktiboak edo zerbitzuak partekatu, eman, trukatu edo saldu egiten dira, helburu sozialekin edota komertzialekin.
Birsalmenta
Eredu honen bitartez, enpresek erabilitako produktuak, ekipamenduak edo instalazioak birsaltzen dituzte, askotan bigarren eskuko produktuen plataforma edo marketplace baten bidez. Fabrikatzaile batek bere birsalmenta zerbitzua jar dezake martxan, bigarren eskuko gaiak linean zein denda fisikoetan eskainiz.
Autozerbitzua
Eredu honen bitartez, enpresek balioaren sorrera bezeroei transferitzen diete, zerbitzuaren edo produktuaren prezio merkeagoaren truke. Ikuspegi hori bereziki egokia da bezeroari balio gutxi ematen dioten baina enpresarentzat kostu handiak eragiten dituzten zereginetarako.
0 km
Eredu honen bitartez, enpresek zero kilometroaren filosofian edo hornidura kate laburrean oinarritutako produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte, ingurune geografiko hurbilean (adibidez, 100 km-tik beherako distantzian), tokiko baliabideen erabileran oinarrituta.
Hornidura zirkularra
Eredu honen bitartez, ekoizpen prozesuetako intsumoak (lehengaiak eta erabilitako baliabideak) material, produktu edo azpiproduktu zirkularretan oinarritzen dituzten enpresak sartzen dira. Eredu hau duten enpresak energia iturri berriztagarriekin eta material birziklagarriekin hornitzen dira, prozesu batek sortutako hondakinak beste baterako intsumo gisa balia ditzakete, edo kontsumitu osteko hondakinak berreskura ditzakete.